XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bihar eguerdian Ezkurdi pelotalekuan
Bertsolarien Txapelketako azkenaurreko saioa Durangon.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurreko norgehiagoka jokatuko da Durangoko Ezkurdi pelotalekuan, bihar eguerdiko 11,30etan.

Xabier Amuriza, Jon Azpillaga, Jon Enbeita, Josu Arriola, Ireneo Ajuria, Haritz Lopategi, Jose Luis Mugerza Elgetzu eta Anton Arriola neurtuko dira.

Txapelketa honetan izan den norgehiagokarik arrakastatsuena suertako da biharkoa, ez Euskal Disko eta Liburu Azokaren aitzakian Durangora euskaltzale asko bilduko delako bakarrik, baita finalera nortzuk pasako diren jakiteko saio erabakikor samarra gertatuko delako ere.

Zortzikote honetatik sei iritsi daitezke finalera, bakarren bat oso narrasten ez bada, behintzat.

Bestalde, punta-puntakotzat jotzen diren hiru bertsolarik zer atarramentu egiten duten ikusteko aukera eskainiko du biharko norgehiagokak.

Bizkaian 1959tik 1966ra joka ziren txapelketa haietan parte hartu ez zutenetatik bertsolari bat gailendu da: Xabier Amuriza.

1961ekoan txapeldun atera zen Jon Azpillagak haundi izanaz jarraitzen du, honelako lehiaketetan gehiegi luzitzen ez badu ere.

Jon Enbeita asko hobetu da ordutik hona.

Datorren igandean Gasteizen neurtuko den Mañukortak ere asko ikasi du Ameriketatik bueltan.

1960an txapeldun izan zen Jon Mugartegik, gozo eta erraz kantatzen du bertsoa, baina epaimahaiaren galbaheak zulo estuegiak ditu bere bertso-moldearentzat.

Ireneo Ajuria dugu orain dela hogeitaka urte neurtu zirenetako beste bertsolari bat.

Eta Jon Lopategi, noski, 1962an 1964ean eta 1966an txapeldun suertatu zen bertsolaria.

Geroztik plazaratua den Amurizaz gainera zein bertsolari berri helduko den Bilboko Arriagan abenduaren 20an jokatuko den finalera, ikuskizun dago, noski.

Zaharretatik denak iritsiko direnik ere ez dago garbi, ordea.

Ezta txapelduna eta txapeldunordea zein suertako diren ere.

Orain arte geldo antza izan den txapelketa oraintxe bizitu eta berotuko da, beraz.

Xenpelar Saria Errenterian.

Errenterian, berriz, VIII Xenpelar Sariko kanporaketa jokatuko da Reina zineman bihar eguerdiko 11,30etan, Joxe Maia, Joxe Joakin Aizpurua, Felix Aizpurua, Xabier Narbarte, Joxe Munduate, Juan Mari Lopez, Aitor Arbelaitz, Aitor Etxebeste, Juan Ramon Gerriko, Manu Gomez, Jon Eizmendi, Aitor Lasarte Iñaki Zelaia eta Oiartzabai bertsolari gazteen artean.

Hamasei hoietatik 10 kanporatuko ditu Narbaiza Euzkitze, Gabiria, Mikel Ugalde eta Irastortzaren epai zorrotzak.

Sei hoberenekin, berriz, abenduaren 8an jokatuko da Xenpelar Txapela, biharko leku eta ordu berean.

Irabazleak 35.000 pezeta, txapela eta trofeoa jasoko ditu.

Bigarrenak, 25.000 pezeta eta trofeoa.

Hirugarrenak 20.000 pezeta eta trofeoa.

Beste hirurak hamarna mila pezeta.

M. A.